Kulturartekotasuna sustatzeko “Bizilagunak etxera” eguna egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Aitor M. I. 2014ko ots. 2a, 08:17

Bizilagunak etxera eguna ospatuko dute otsailaren 15 eta 16an Laudion. Helburua kultur artekotasuna lantzea da. Zehazki, etorri berrien eta bertan jaiotakoen artean harremana lantzea bilatzen du Kulturarteko Zubiak elkarteak.

Bizilagunak etxera eguna ospatuko dute otsailaren 15 eta 16an Laudion. Helburua kultur artekotasuna lantzea da. Zehazki, etorri berrien eta bertan jaiotakoen artean harremana lantzea bilatzen du Kulturarteko Zubiak elkarteak.

Familiek nahiz norbanakoek parte har dezakete ekimen horretan, batak besteari etxean bazkaltzeko gonbidapen bat helaraziz. Ondoren, gonbidatuaren etxean beste bazkari bat egiten da.

Izen ematea urtarrilaren 15ean hasi zuten, eta otsaila arte egongo da apuntatzeko aukera. Horretarako, kulturartekozubiak@gmail.com helbidera mezu bat bidali baino ez da egin behar. Batetik, zenbat pertsonentzat sukaldatzeko prest dagoen zehaztu beharko du interesatuak. Eta, bestetik, otsailaren 15 edo 16 egunen artean bazkaria egiteko hobekien datorkien eguna. Kudeaketa egiteaz Kulturarteko Zubiak elkartea arduratuko da.

 

Laudion, 40 kulturatik gora

Une honetan Laudion 40 kultura baino gehiago daude. Horregatik, Laudion Bizi Gara ekimena abiatu zuten iazko maiatzean.

Orain arte ekitaldi desberdinak antolatu dituzte. Besteak beste, herri desberdinen folklore eta gastronomia erakusketa, “dantza-kafe-te-txokolate” jaia edota Lanpedusan gertatutako emigranteen hilketa salatzeko kontzentrazioa aurki daitezke horien artean.

Orokorrean, harrera ona izan dutela baloratzen dute.

Momentuz, 10-11 pertsonek osatzen dute taldea, baina helburuak konpartitzen dituen orori irekia dago. Etorri berriak eta bertan jaioak aritzen dira elkarlanean, naturalki hala suertatu delako.

Arduren artean, herritarren arteko erlazio gertuagoak bilatze aldera, aldaketara eta parte-hartzera bideratutako lan egiteko molde berrien iradokizuna dute. Hartarako, arazoak ezagutzeko eta aurre egiteko analisirako eta diagnosi sozialerako metodologia bat proposatzen da.

Azaldu dutenez, kulturen arteko elkarbizitza gestionatzea da helburu nagusia. Izan ere, gizarte homogeneoetan agerikoak diren gatazkak kultura aniztasun handiko espazioetan larritu egiten direla uste dute.

Elkarbizitza normalizatu bat lortzeko elkarren arteko ezagutza ezinbestekotzat du Laudion Bizi Gara ekimenak. Horren bidez estereotipoak, susmoak eta ikuspegi distortsionatuak ekiditea lortzen da haien aburuz. Hori lortzeko, bertako kultura eta etorri berrien kultura bi norabideetako erlazio horizontalen bidez harremanetan jarri behar direla deritzote.

 

Ekintzen beharra

Kultura desberdinekin bizitzea zaila dela iritzita, herriak horien moduko ekintzak behar dituztela uste dute, ikasten goazen heinean zenbait muga hausten direlako. Ekitaldi horien antolakuntzaren ondorioz, Laudio Bizi Garak herrian dauden kultura desberdinekin kontaktua indartu zuen. Lan horren jarraikortasunetik jaio da Kulturarteko Zubiak elkartea.

Talde hori izango da kulturartekotasunaren lanketaz arduratuko dena. Hala ere, Laudion Bizi Gara ekimenean parte hartzen jarraituko dutela adierazi dute.

Herritar etorri berriak eta ordezkatzen dituzten herriak ikusgarri egitea da elkarte berriaren helburu nagusiena. Zentzu horretan, Laudion Bizi Garak egindako irakurketa berdina egiten du, eta kulturen arteko harremanak sendotu nahi ditu, elkarren artean ezagutu daitezen. Izan ere, kultura aniztasuna aberastasuna dela uste dute.

Momentu honetan taldean gutxienez hamar herrik dute ordezkaritza. Hala ere, osatzen jarraitzeko nahia erakutsi dute. Bitartean, ekintza desberdinak prestatzen ari dira.

 

Aurrera begirako erronkak

Kultuarteko Zubiak elkarteko kideek etorkizuna herritarren eskuetan dagoela uste dute. Zentzu horretan, arazoak herritarren artean konpontzeko gonbitea luzatu dute, “beste inork ez duelako gure ordez egingo”. Azken finean, herritar konprometituz eratutako taldea da.

Aurrera begira, anitzak dira landu nahi dituzten gaiak. Hala ere, indarren mugaz jakitun, lehentasunak finkatu beharko dituzte. Gaur egun, kalitatezko Osasun Publikorako eskubidearen gaia lantzearen alde agertzen dira. Izan ere, arriskuan dagoela uste dute eta geroz eta jende gehiagori eragiten diola. Zentzu horretan, laster Laudion ekintza publikoren bat burutuko dutela aurreratu dute.

Eskualdeko beste herrietan ere ari dira hedatzen kulturartekotasuna lantzeko ekimenak.

Urduñan, esaterako, herrialde ezberdinetako sukaldaritza ezagutzeko tailerrak egin zituzten udazkenean zehar. Bertan, kultura ezberdinetako jakiez gain Urduñan bizi diren beste herrialdetako pertsonen esperientziak ezagutzeko aukera eskaini zuen Adi emakume taldeak. Amurrion, Planeten mundua jaia egin zuten. Eta, Arrankudiagan bertan bizi diren kulturekin “Herri bat, hamaika jatorri” festa.

.   

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide