Aiaraldeko 28 eragile politiko, sindikal eta sozialek mobilizazioak deitu dituzte astelehenean Guardia Zibilak, Ertzaintzaren laguntzarekin, burututako 18 atxiloketak salatzeko. Elkarretaratzeak gaur egingo dira, ondorengo leku eta orduetan: Arespalditzan 19:00etan ferialean; Artziniegan 19:30etan frontoi aurrean; Luiaondon 20:00etan El Social-en; Orozkon 20:00etan Herriko Plazan; Urduñan 12:00etan eta 20:00etan Foru Plazan; Amurrion 12:00etan eta 20:00etan Juan Urruti Plazan eta, azkenik, Laudion 12:00etan eta 20:00etan Lamuza Plazan.
Atxilotuei Herrirako kide izatea egozten zaie. Gertakarien harira mobilizazioak deitu dituzten eragileek prentsaurrekoa eskaini dute, euren nahigabe eta haserrea erakutsiz. Gainera, Herrirarekin harremana mantenduko dutela esan dute, haientzat “ekintza judizial, politiko eta mediatiko hau gidatu duen erabakia politikoa” baita, eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak ukatzen dituena. Horretaz gain, Herriraren ekimen guztiak baketsuak, pluralak eta giza eskubideen defentsaren aldekoak izan direla gehitu dute eragileek.
Operazioak lau helburu dituela uste dute. Aurrena, euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea. Bigarrena, itun antiterroristaren aro politikoa luzatzea. Hirugarrena, espainiako gobernuaren arazoak estaltzea, ustelkeria eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak kasu. Eta azkena, presoen auzia gutxi batzuen arazo bihurtzea.
Aurkeztutako ekimenekin batera urriaren 5ean Bilboko La Casillatik 17:30etan irtengo den manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatu dute.
Aipatutakoez gain, atxiloketak salatzeko Laudioko Bilduk mozioa aurkeztuko du bihar 19:00etan egingo den ez ohiko eta premiazko bileran.