Pasa den astean, Gudari Egunaren harira, Amurrion egindako pintaden aurka agertu da Udala, Josune Irabien alkatearen eskutik. Pintadatan ETAren anagrama agertzen zela-eta, alkateak “gizarte anitzean bizi garela eta aukera ezberdinak daudela onartzen dutenak baino” ez direla onartuko “demokrazia barruan” aipatu du.
Bestalde, herriaren nahia errespetatzeko eskatu du. Hori dela eta, erantzunkizuna duen segurtasun sailari eman zaio gertatutakoaren berri.
EGIk, EAJko gazteriak, bestalde, margoketa berdinen harira agertutako mehatxuak salatu ditu. Ekintzok sinadurarik gabekoak izan badira ere, ezker abertzaleko gazteei leporatu dizkiete. Pintadetan EGI jo puntu baten barruan agertzen da.
Gainera, herrian jartzen dituzten kartelak kenduak izatearen ardura gazteria ezkertiarrari leporatzen diote. Antza, jeltzaleek ez dute ulertzen nola “euren burua abertzaletzat duten pertsonak eta herri honen independentziaren alde daudenak ideia berdinak dituztenak mehatxatzen dituzten”.