Laudioko Udalak Morteru, Gardeagotxi, Olako eta Astobitzako bideetan konponketa lanak egingo ditu. Zehazki, estu direnak zabaldu eta bide ertzetako moldaketetan zentratuko dira. Izan ere, azkeneko horri dagokionez, euria egiten duenean ura ertzetatik irten eta bidean sartzen da. Gainera, 2011n obrak egin zituzten arren, azken urteko euriteek kalteak eragin ondoren, Olarteko bidearen zati bat konponduko dute. Obra honen aurrekontua 55.180 eurokoa da.
Horietaz gain, Lanbide Heziketa Udal Ikastetxeko zinema aretoan ere aldaketak emango dira urriak 5 bitarte, egun horretan hasiko baitira pelikula emanaldiekin. Alde batetik, zinemetan erabiltzen diren butakak jarriko dituzte. Eserleku berriek zaharrek baino tamaina handiagoa izango dute, eta, ondorioz, ikuslegoaren edukiera egungo 263tik 162ra murriztuko da. Lanen balioa 19.380 eurokoa izango da.
Bestetik, lotu gabe badago ere, Udalak proiekzio sistema berria erosteko nahia erakutsi du. Gaur egun erabiltzen den sistema analogikoa da eta gero eta pelikula gutxiagok erabiltzen du. Horregatik, eskaintza handitu ahal izateko, sistema digitala erosi nahi dute. Teknologia berriarekin 3D pelikulak proiektatzeko aukera egongo da, gainera. Eraberritze honek 66.000 euroko inbertsioa suposatuko du udalarentzat.