EAJk Bilduren gobernu taldeari ezinbestekotzat dituen hiru proiektu aurkeztu dizkio, haren ustez urteetan ezker abertzaleak egin ez duen bezala. Lehenak HAPO du oinarri. Jeltzaleen ustez, Laudio 2025 gain, herriak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren premiazko berrikuspena behar du. Izan ere, etorkizunaz aritzeak orainak eskuetatik alde egitea dela deritzote. Hala, proiektu biak osagarriak izan daitezkeela aurreikusten dute. Honen aplikazio praktikoa industriarako orube berrien moldaketa izango litzateke, horretarako eskaera baitago. Gainera udalari Laudiorako jarduera estrategikoak bideratzeko eskatu diote, bai Goikoplazan nola Karmengo Aman ere.
Bigarren proiektuak Garapen Agentziaren sustapena du xede. Jeltzaleek Bilduri agentziak sustapen ekonomikoa indartzeko ekintzak eta programak bultzatu ahal izateko beharrezkoak diren material eta langilez hornitzeko eskatu diote. Era berean, ezinbestekotzat jo dute langabetuentzako bideratutako enplegu eta formakuntza plan bereziak garatzea.
Azkeneko proiektuarekin EAJk kirol inbertsioak sustatu nahi ditu. Adibide gisa Ellakuriko eta San Martin futbol zelaiko aldagelak jarri dira, hala nola Lamuzako Granja polikiroldegiko zabalkuntza eta Udaletxe ondoko orubean egitekoa zen erabilera anitzeko gela ere. Gainera, Udal Hiltegia hobetu eta mantentzeko egindako inbertsioa salatu egin du, proiektu handien multzoan txertatuz, eurek defendatu nahi dituzten proiektu txikiekin alderatuta.
Bilduri kritika
Maiz egin bezala, alderdi jeltzaleak proposamenekin batera Udal gobernu taldeari kritika zorrotzak luzatu dizkio, Bilduren agintaldiaren bigarren urteurrenean. Erabateko udal paralisia, erabateko ezintasuna udal kudeaketan eta erabateko lidergo falta eskualde esparruan dira bi urte hauetan errepikatu diren kritikak. Hala, Laudiorentzat proiektu estrategikorik ez edukitzea leporatu diote Udalari. Gainera, kudeaketa publikorako herritarren parte hartzea interes partidistekin eta eragin propagandistikoarekin bilatzen ari dela uste dute, ondoren parte hartzea bera babesten dutela esateko.