Asteartean deituriko ezohiko batzarretik alde egitea leporatu die ADIEk Zubiar Eraikuntzak elkarteko Administrazio Kontseilua eratzen duten EAJko bi administratzaileei. Era berean Bilduko administratzaileari isilik geratzeko eskubidea aldarrikatuta Alkatearen galderei erantzun ez izanaren ardura ezartzen diote.
Deialdiaren helburua, ADIEko ordezkarien dimisioaren ostean, elkartean azken bi hilabeteotan egindakoaren berri ematea zen. Aurkeztutako gai ordenaren aurrean -karguen banaketa, uztailetik aurrera kontseiluak emandako botereak, gerentziari buruzko auziaren egoera eta 2013ko uztailetik aurrera sinatutako kontratuak-, EAJk desadostasunak aurkeztu zituen, betiere ADIE plataformaren arabera, aldaketa proposatuz. Alkatearen ezetzaren aurrean, zeinak, antza, horretarako beste deialdi bat egin zitekeela erantzun zien, jeltzaleek alde egitea erabaki zuten.
Hala egin omen zuten Bilduko bi zinegotziek ere, koalizioak Administrazio Kontseiluan duen kidea batzarrean geratu bazen ere. Azkeneko honek, ordea, galderei ez erantzutea erabaki zuela esan dute plataformako kideek.
Zentzu horretan, ADIEK EAJ eta Bilduko ordezkarien jarrera salatu du, Elkarte Publiko bateko ordezkariek udalari euren ekintzen berri emateari uko egitea oso larritzat hartuz. Gainera, EAJri nagusikeria eta obskurantismoa leporatu diote, ondoren Bildu euren atzetik joatea ulergaitzat hartzeko.