Orain dela bi hilabete bildu ziren Kider enpresako komiteak eta konkurtso administrazioa. Bilera hartan enpresaren egoera zailari buruz aritu ziren. Konkurtso administrazioak Enplegu Erregulazio Espedientearen beharra azpimarratu zuen, gastuak murrizte aldera.
Enpresa uztailaren 3tik konkurtso prozesuan sartuta dago; fase komunean, zehazki. Fase honek 2-4 hilabete iraun ditzake. Egoera horretan enpresak sozietatearen gestioa mantentzen du, konkurtso administrazioaren ikuskapen ekonomikoarekin. Hala, enpresak ezin du zorra handiagotu.
Hurrengo fasean, hitzarmenarenean, zorraren kitatzea eman behar da. Honek ezin du zor osoaren %50a gainditu, 5 urteko gehienezko epean. Hartzekodunekin zorrak ordaintzeko akordioak lortu ezean, likidazio fasera pasako litzateke, non enpresak aktibitatea gelditu beharko lukeen. Honen ondoren, bukatzeko, konkurtsoaren kalifikazioan, kaudimen-gabezia enpresaren errua den baloratuko lukete.
Bihar, hilaren 4ean, krisi batzordeak bilduko dira, non enpresaren zuzendaritza eta langileak ordezkatuta dauden, egoeraren inguruko erabakiak hartzeko.