Uztailaren hasieran itxi zuen Udalak aurtengo jaietarako atrakzioak jartzeko eskakizun epea. Ez zuen, ordea, batek ere izena eman. Hori dela eta, EAEko ferietako elkarteak idatzi bat bidali zion Udalari, batzartzeko eskatuz. Negoziazio estuen ondoren, akordioa sinatzea lortu dute, 2013 eta 2014rako. Izan ere, Udalak atrakzioen prezioa jaistea eskatzen zuen bitartean, ferietako elkarteak igo edota pasa den urtekoaren pare mantentzea zuen xede.
2013an 1,50 euroko balioa izango du bi minututako bidaiak. 2014an, aldiz, 1,80 euro, pasa den urtean 2 eurotan zehaztu zelarik. Gainera, egun herrikoian, urte bietan, bidaia euro bateko prezioan ezarriko da. Horretaz gain, akordioan euskararen erabilera bermatzea eskatzen da, bai karteletan nola musikan ere.
Hitzarmena sinatu ahal izateko, Udalak lurraren tasak kobratzeari uko egin behar izan dio.