Pablo R. Isasi Amurrioko alkate ohia izan da Pabloren hautapena defendatzen lehena Marian Urkixorekin batera, Laudioko zinegotzi ohia, -biak Pablo Gorostiagaren lagun- idatzitako artikuluan. Idatzian, garai berrietan lehentasun berriak agertu direla-eta, praktika zaharretara bueltatzeko saiakerak salatu dituzte. Hala, “terrorismoa gizartearen arazo nagusiena izatera bueltatzea bilatzen dutela” uste dute Urkixok eta Isasik; “lehentasunen aldaketa ez dute onartzen”.
Pregoilaria aukeratzeko prozeduraren defentsan, 21 hautagai aurkeztu zirela-eta, Pablo Gorostiaga modu demokratikoan izendatu dela babestu dute. Gainera, prozedura hori pasa den urtean erabilitako berdina izanda, aurtengoa “existitzen ez den konfrontazioa berpizteko” erabiltzen ari direla salatu dute. Zentzu horretan, EAJri apelazio zuzena egiten zaio. Izan ere, jeltzaleek prozedurari egindako kritikaren aurrean Urkixok eta Isasik ea eurek egin bezala nahierara hautatzea egokiagoa den galdetzen diete.
Horrekin guztiarekin, existitzen ez diren arazoen bila ez aritzeko eta gizartearen eskakizunei eta arazoei aurre egiteko deia luzatu dute.
Termino berdintsuetan aritu da Eusko Alkartasuna, gaiaren inguruan aritzeko luzatutako prentsa oharrean. Bere ustez PSEk eta PPk erabilitako argudioak jaiei boikota egitera bideratuta daude. Gainera, EAJren jarrera negargarria dela deritzo, beldurra lau haizetara zabaldu nahian dabilela egotzi ondoren.
EAk Pablo Gorostiagaren izendapena justiziazkoa dela uste du. Izan ere, horren bidez “Laudioren alde egindako lana aitortzen zaio eta “dena ETA zela” testuinguruan berari eta bere familiari sententzia batek kendu nahi zien duintasuna bueltatzen zaie”.