Diru falta dela-eta ondasunak saltzeari ekin dio Espainiako Gobernuak. Hego Euskal Herrian 77 higiezin aterako dituzte enkantera 2015a baino lehen. Etxebizitzak eta lokalak dira gehienak, baina tartean badaude esanahi bereziko batzuk ere; esate baterako lursailak eta tren geltokiak. Gehienak oraindik tasatu gabe daude; 77 higiezinetatik hamabosti jarri zaie prezioa, eta bost milioitik gorako balioa dute.
Enkantera ateratako higiezin batzuk, gainera, errentan emanda dauzkate erakundeek. Oraingo bizilagunei lehentasuna emango diete higiezin horiek erosteko. Aiaraldean zazpi dira saldu nahi dituzten eraikinak, guztiak etxebizitzak. Zehazki 5 Amurrion aurkitzen dira eta beste biak Urduñan. Eraikinok Adif erakundearenak izateagatik trenbide inguruan kokatzen dira bereziki, eta denak edo gehienak hutsik daude.