Laudioko Bilduk bi urtetako agintaldiaren balantzea aurkeztu du. Bertan urteotan kudeaketa berri baten aldeko apustua egin duela nabarmendu nahi izan du: parte hartzailea, gardena eta demokratikoa. Eta hala izaten jarraitzeko prestutasuna erakutsi da.
Aurrekontuak eta ordenantzen alorrean, datu zehatz bat: 24 milioi euro. Gainera, azpimarratzekoa da lehendabiziko aldiz udal zergen ordainketa zatikatua egin daitekeela. Horrekin lotuta, inbertsioen erabakitze prozesuan auzo batzar eta galdetegiak ardatz izan direla gogora ekarri nahi izan dute. Zentzu horretan, horri eustea erronka nagusienetakoa izango da.
Parte hartzearen bide horretan, erregelamendu berriaren proposamena egin eta talde politikoei eskaini diote, demokrazia zuzenerako formulak eskaintze aldera. Izan ere, hauxe du gobernu taldeak parte hartzearen funtsezko oinarria: erabakimena. Horretaz gain, ZUINaren bilakaerak eta ZUIN onlinek apustu sendoa erakusten dute aipatutako bidean.
Aurrekoekin batera babes sozialaren bermatzea izan da Laudioko Bilduk erakutsi duen helburu nagusienetakoa. Horretarako etxe-gabetzeen aurkako udal protokoloa sustatu dute. Bertan larrialdi sozialetarako laguntzen igoera planteatzen da.
Enpleguari dagokionez, hainbat izan dira nabarmendutako lorpenak: enplegu mahaia martxan jartzea, hamar ekintzailetza proiekturentzako enpresa haztegi berria abiatzea, behin behineko kontratazio duinak burutzeko hitzarmenak, lan harremanen udal esparrua blindatzeari ekitea, udal lan postuetarako lan poltsak garatzea eta, azkenik, esleitu berri diren 62 ortu ekologikoak.
Etorkizunari begira lidergo partekatua eskaintzen jarraituko duela aipatu du Udal Gobernu taldeak. Horretarako oposizioaren inplikazioa eskatu du, kritika gogorrak egin bai, baina iraina eta deskalifikazioa alboratuz.