Hegemonia ala kontzientzia?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor M. I. 2015ko urr. 23a, 22:25

Ez dut inoiz Sonyk banatutako “Inside Job” delako dokumentala ikusi. Antza krisi ekonomikoaz hitz egiten du. Behin entzun nion bati oso ona dela, eta ausarta, krisia eraginda izan dela esaten duelako, arduradunak dituela, bulego batetan bildutako bost edo sei izen, agian.

Hortxe ulertu nuen Sonyk banatzearen zergatia. Berdin gertatzen da estatu-irla galduetan bizi diren horien buruetan: ustelkeria, lapurreta ilegalak, politikari ezgaiak… omen dira sistema ekonomikoaren erorketaren arduradunak, alderantziz denean: horiek denak dira, estatuaren aparatu guztiak, sistema zutik mantentzen dutenak. Baina, zein modutan?

Botere orok bi modu ditu bizirauteko: hegemonia eta kontzientzia. Hegemoniak pasiboki eragiten du (ulertu dadila hegemonia zapalduaren ikuspegitik: normaltasunez bizi duen hori), gehiengoaren egitura ideologikoa moldatzen du zenbait oinarri betikotzat jotzeko, aldaezinak. Betidanik eta betikotzat duguna kontzientziatik desagertzen da, ez dugu ikusten, hor dagoen arren. Bertan kokatzen dira estatu instituzioak: demokrazia formala (parlamentua, udaletxeak…), konstituzioa (lege sistema)… Denek positiboki (funtzionamendu normalean, denek onartuta) nahiz negatiboki (funtzionamendu ez-normalean, hots, gatazka sortzen denean) eragiten dute. Lehenengo kasuan guztiz ikusezinak dira. Bigarrenean, aldiz, tarteka ikusgarriak, nahiz eta ukiezinak izan, berehalakoa (azalekoa, edukirik gabeko estetika) baita ikusten dena, forma abstraktu hutsa.

Boterearen euskarririk iraunkorrena dugu hegemonia. “Bake” garaietan eragiten du, kontraesanak ezkutatzeko adina ideologia produzitua eta kontsumitua den garaietan. Biziraupenaren jasangaitzak lehenengo lerrora salto egiten duenean, ordea, ez da ideologia kontsumitzeko tarterik izaten, eta indar aktiboak agertzen dira: kontraesanak antagonismo bilakatze bidean jartzen dira, adiskidetu ezinak diren bi posizioen definizioarekin (uneko boterea eta etorkizuneko balizko boterea, osatze bidean dagoena). Une honetan, botereak bere indar kontzienteak askatzen ditu; kontzientzia hartzen dute antagonismoa osatzen duten bi taldeek. Lehen harmonia zena edota “politikan ez parte hartzea”, sistemaren (ez)funtzionamendu normala, inertziazkoa, orain sistema mantendu nahia eta berria eraiki nahiaren arteko gatazkan bilakatu da; hegemonia bera zalantzan jarri da.

Kontzientziak hegemonia ideologikoaren burbuila hautsi egiten du. Uneko sistemaren aurreko jarrera definitzera behartzen du; jarrera aktiboa. Zapalduak bere egoerarekiko kontzientziaren lehenengo zantzuak antzematen dituenean, modu isolatu eta desordenatuan bada ere, orduantxe agertzen dira boterearen dominazioaren indar kontzienteak, gordinenak indar armatuak izanik. Bestela ere, hegemonia da dominaziorako modu lasaiena, demokrata orok amesten duena.

Dokumentalera bueltan, honakoa esan genezake: krisia kontzienteki sortu dela saldu nahi dute, indar pasiboak ikus ez ditzagun. Halakoetan hobe izaten da gutxi batzuen atxiloketa, sistema osoaren dominazioari hegemoniaren katamaloa erortzen uztea baino. Berdin sistemaren ulerkerarekin, goitik begiratuta, modu orokorrean: joko zelai bat da, lege minimoek arautua, eta ez dira bertan isolatuki aritzen diren indar kontzienteak (ekoizpenean parte hartzen duten indarrak) krisiaren arduradunak, joko zelaia bera baizik, orokortasuna, ekoizpen indarrak martxan jartzen dituen ideia bera. Hemen, paralelismo bat eginda, hegemonia orokortasun abstraktu gisa defini genezake, kontzientzia egoera sozialaren konkretu-bilakatzea den bitartean.

Sistemaren arazoa sistema bera dela (betikotzat duguna, hegemonikoa dena), eta sistema bizirik mantentzen duena indar aktiboa dela (kontzientzia), interesek eta egoera sozialaren argitzeak definitzen duten indarra: burgesiaren klase kontzientzia botere politiko bilakatuta. Hegemonia eta kontzientziaren arteko harremanean aurkitzen dugu bizitza sozialaren dialektika.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide