Lamuza plazatik abiatu dira Maiatzaren Lehenaren harira bildutako lagunak. Gaurko ibilbidearen helmuga herriko plaza izan duten arren, mezu argi bat zabaldu nahi izan dute: langileen borroka ez da egun batera murrizten.
Hala erakutsi dute ibilbidean zehar; kapitalismoa suntsitzearen aldeko oihuak nahiz langile borrokaren inflexio puntu garrantzitsua izango den maiatzaren 30eko greba orokorrari egindako deia Laudioko kaleetan barrena zabaldu egin dute.
LAB ,Gazte Blokea eta LIPmesako langileak
Manifestazioak hiru argazki nagusi utzi ditu. Burua LABen ordezkariek, pankarta eskutan, gidatu dute.Horietatik metro batzuetara, LIPmesako langileek, pairatzen ari diren lan gatazka salatuz, bigarren pankarta bat jaso egin dute.
Hauen atzetik kokatu dira Ernai antolakundeko gazteak; ez dira, ordea, atzean geratu. Euskal gazteriari altxatzeko deia egitearekin batera, arrautzak eskutan, ibilbidean zehar krisiaren arduraduntzat dituzten banketxeak seinalatu dituzte, eta baita zipriztindu ere. “Gora langileon borroka”, “borroka da bide bakarra”… oihartzun handia jaso dute gazteen eskutik.
Amaierako hitzartzea
Herriko plazan ibilbidearen amaierarekin zabaldutako mezuak lotura nabarmena erakutsi du aurretik bizitakoarekin. Aipatutako hiru pankartak bata bestearen jarraian jarri dira. LAB izan da hitza hartzen lehena, munduko langileei elkartasuna adieraztearekin batera. Bereziki, Gaza eta Palestinakoak gogoratu dituzte, pairatzen ari diren zapalkuntza salatzeko lanean dihardutela gogora ekarriz.
Krisi finantzarioaren 6 urtemuga honetan Euskal Herriaren egoera estatu espainiarrarekiko hobea dela diotenak gezurretan ari direla esan du LABeko ordezkariak. Are gehiago, hartutako neurriekin euskal herritarren etorkizuna estatu espainiarraren etorkizun beltzera lotzeko nahia erakusten dela uste du euskal sindikatuak.
Zentzu honetan, etorkizuna gazteen eskuetan dagoela esatearekin batera, oholtzara deitu dute, Ernairen izenean aritzeko, Garazi Dorronsoro amurrioarra.
Gazteek badute zer esan
Garazik gazteen lan egoeraren inguruko hausnarketa egin du, baina ez ditu ahaztu sistema kapitalistak maila desberdinetan eragindako ondorioak. Hala, gazteen egoera prekarioa, lan kontratu ezegonkorrekin nahiz praktika kontratuen luzatzearekin batera, langabezia tasa altuena pairatzen dutenak direla ahaztu gabe, murrizketen eragin zabala aipatu du, eta, nola, hauek lan faltarekin justifikatzen ari diren. Honen aurrean “falta dena borondatea” dela eta “lana banatu” behar dela esan du. Lan falta ezaren adibide moduan jarri du langileak pairatzen ari diren lanaldiaren luzapena, eta, ondorioz, zapalkuntza.
Ez dira, ordea, denak hitz ezkorrak izan. “Pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago” egiten dituen sistema, gogoratu du Garazik, Ernairen webgunearen itxiera eta pertsona bat terrorismoa gorazartzeagatik inputatu duen sistema berdina, azkeneko arnasetan ari da. Manifestazioan erakutsitako borondate berdinarekin, Ernaitik egunero borrokatzeko deia zabaldu da, hartarako antolatzearen beharra azpimarratuz. “Gazteak ernai gaude. Gobernuak ernai egon daitezela”.
Izaskun Garcia, LABen izenean
Gazteen hitzen ostean, berriz ere oholtzara igo dira LABen ordezkariak. Izaskun Garcia igo aurretik, herriko plazaren sarreran banatutako orriari komentario txikia egin zaio. Bertan, langabeziaren inguruko datuak aurkezten dira. Gainera, uztailaren 7an egun garrantzitsu moduan seinalatu da, hitzarmen probintzialak desagertzeko arriskua dagoelako. Honen aurrean, eskualdeko lan gatazkak adibide moduan jarrita, LABetik borrokaren aldeko oihua zabaldu da; “borrokak balio du”.
Izaskunek, gazteek aurretik egindakoaren bidetik, egungo egoera krisiaren aitzakiarekin ezarritako politiken ondorio dela esan du. Murrizketak, lan erreforma, etxe gabetzeak, babes sozialaren desagertzea… politika horien baitan kokatu ditu. Zentzu honetan, Euskal Herria emergentzia sozialean dagoela iritzi du LABek: “Sistema salbatzeko edozer egiteko prest daude” eta “krisia langileriari ordainaraziko diote”. Haiek dira, ordea, euskal sindikatuaren ustez, krisian daudenak. Horren adibidetzat dituzte EAJren aurrekontuen baztertzea nola Nafarroako gobernuaren egoera ere.
Hau guztiaren aurrean, LABek agente sozial eta sindikalen arteko akordioaren aldeko aldarria egin du. Honen harira, eskubide sozialen gutuna idaztera doazela aurreratu dute, Euskal Herrirako nahi den eredu ekonomiko eta soziala diseinatze aldera.
Indar metaketa prozesu horri indarra emateko, maiatzaren 30eko greba orokorra inflexio puntua izango dela esanda bukatu da hitzartzea. Internazionala eta eusko gudariak abestu dituzte, ondoren.