Hilaren 29an ospatuko den udalbatzarako alderdi politiko desberdinek mozioak prestatu dituzte. Besteak beste, udal liburutegia, amiantoa eta gizarte zerbitzuen arloko probintzia hitzarmen kolektiboa izango dituzte hizpide.
EAJk aurkeztuko duen mozioak liburutegiaren espezializazioa du xede. Zentzu honetan, gaur egungo instalazioak txiki geratu direla-eta, ikasketetarako gela berrien beharra azpimarratzen du alderdi jeltzaleak, adinen araberako zatiketa eman dadin. Honen bidez, ikasketa mota desberdinetako espezializazioa sakondu daiteke, gela berriak unibertsitarioentzat egokituz, bereziki teknologia berriei eta material didaktikoari dagokionez.
Behar hau krisi garaian jendeak ikasketei berrekiteko duen joera ikusita are garrantzitsuagoa dela dio EAJk. 15 egunen buruan Komisioaren aurrean proposamen tekniko baten zirriborroa aurkeztea proposatuko da.
Bigarren mozioa, PSEren eskutik, amiantoarekiko kontaktuaren aurreko osasunaren zaintza indartzera bideratuta egongo da. Izan ere, CCOOk Udalari salaketa bat jarri ziola gogora ekarrita, obren brigadak amiantoarekin lan egiten duela oroitu du alderdi sozialistak. Honen harira, amiantoarekin kontaktuan egondako lanen informearen eginkizunean jarraitzea proposatuko da, honen bidez lan horietan aritutako langileen informazioa osatuz, egindako analisi guztien emaitzekin, langile horiek Osakidetzaren zaintzapean mantendu ahal izateko.
Azkeneko mozioa Bilduk aurkeztuko du. Bertan Arabako erakunde publikoek hitzartutako gizarte zerbitzu desberdinak hainbat enpresa txikik, irabazi asmorik gabeko erakundek edota elkartek burutzen dituztela aipatzen da, hauen ia %100a Foru Aldundiak finantzatzen duelarik. Hala ere, arlo honetan ibiltzen diren 1000 langile ingururen lan baldintzak administrazio publikoko langileenak baino askoz txarragoak direla dio Bildu. Honen aurrean, Gizarte Esku Hartzearen Hitzarmena sinatzea sustatu nahi da mozioaren bidez, kalitatezko estandarrei eutsi eta lan soldata baldintza homogeneo eta duinak bermatzearren. Honetarako, sektoreko langile eta enpresariak negoziazio mahaia osatzea lortu nahi du.