Iturri sindikalen arabera, Kider taldeak langileei borondatez joateko aukera eman eta gero, 153 dira prozesura batu direnak. Kopuru osotik 73 dira Aiaraldean lan egiten dutenak; Amurrion 13 Kider-en eta 19 Kimen, eta Murgan 12 Inan eta 29 Kider Bulegoetan. Gainontzekoak taldeak dituen beste lantegietakoak dira.
Prozesu hau aurrera eramateko kontsulta garaia abiatu zen apirilaren 12an. Maiatzaren 15ean epea bukatzearekin batera hasiko dira lanpostuak uzten, modu mailakatuan, horietako zenbait ordezkatuko dituzten langileak bilatzea luzatu ahal delarik, kudeatzaile lana kasu.
Langileek, kalte ordainetan, urte bakoitzeko 35 egun jasoko dituzte, gehienez 27 hileetan zehar. Honekin batera, enpresak igoera lineala proposatu du 45 urte dutenentzat bakarrik; 30.000 euro baino gutxiago kobratzen dutenei 10.000 euro gehiago emango die. Era berean, 30.000 eta 40.000 euro artean kobratzen dutenek 5.000 euro gehiago jasoko dituzte.
Zuzendaritzak eta langile batzordeak negoziazioetan jarraitzen dute, enpresan geratuko diren langileen egoera eta lan baldintzak adosteko.