Aiara batuz taldeak aldi berri bati ekin dio. Bi urteko legegintzaldiarekin batera webgune berria garatu du, herritarrek egindako eskaerei aurre egin ahal izateko. Tresna berri honen bitartez aiararrei Udalean lantzen diren gaien inguruko informazioa ematea da taldeak aurkezten duen erronka nagusia.
Auzo taldearen bi ordezkariek –zinegotziak beraiek- kudeatuko dute webgunea, berriak, batzordeak, udalbatzak, Udalera bidalitako testuak, etxeetara bidalitako testuak… atal anitzetan zehar, betiere akta ofizialen formatua ekidinez.
Sustatzaileek jakinarazi dutenez, aldi batez webgunea soilik gaztelaniaz eskaini ahal izango dute, euren asmoa elebiduna egitea izan arren, taldean berau bermatu ahal izateko denbora eta hizkuntza gaitasuna duen kiderik ez dela argudiatuta. Zentzu honetan, barkamena eskatu dute.
Gunearen dinamikotasuna mantendu nahi du Aiara Batuz-ek. Horretarako, sustatzaileen ekarpenez aparte eztabaida foroa baliatu dute.