Datorren martxoaren 20an, Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto nagusiak Ines del Rio euskal herritarraren auzia berraztertuko du. Inesek 25 urte egin ditu espetxean. 2008an bere kondena bete bazuen ere, aske gelditzear zela, zigorra beste 9 urtez luzatu zioten, 197/2006 doktrina aplikatuz. Estrasburgoko Epaitegiak, kasua aztertu ondoren, doktrinak Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela adierazi eta berehala askatzeko agindu zuen.
Espainiar Estatuak ez du epaia onartu eta Inesek kartzelan jarraitzen du, doktrina aplikatu zaien beste 72 presoekin batera. Horien artean, preso larriak aurkitzen dira.
Egoera salatzeko, mobilizazioak egingo dira eskualdean, Estrasburgon auzia aztertuko den egun berean, hau da, martxoaren 20an. Hala, Laudion, 12:00etan, udaletxe aurrean batuko dira eta 19:00etan Lamuza Plazan. Amurrion ere 12:00etan eta 19:00etan dute hitzordua, biak Juan Urrutia Plazan. Azkenik, Urduñan, Foru Plazan bilduko dira, 19:00etan.
Noiz arte?
197/2006 doktrinaren harira, Jose Luis Lopez de Luzuriaga, Marian Pardo eta Ikerne Altuna, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jose Angel Biguri eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso gaixoen senideek, hurrenez hurren, senideekin batera bizi duten injustiziaren berri emateko, eta, bide batez, dagozkien instantziak interpelatzeko, ondorengo iritzi artikulua idatzi dute, euskarara itzuli eta osorik atxikitzen duguna:
“Noiz arte? Hori da, astez aste gaixo dauden preso politikoen senideok kartzelako bisitatik bueltan egiten dugun galdera. Sarritan gure buruari formulatzen diogun galdera berdina, leher eginda, hainbat bizitza bizi izan bagenitu bezain nekatuta edota “benetako” bizitza, gure auzokideek, lankideek, lagun-taldeko lagunek, bizi duten bizitza “normala” bizitzeko denborarik izango ez bagenu bezala.
Beti telefonoari adi, berri txar bat jasotzeko beldurrez, ahots triste bat, gaixotasunak txarrera egin duela edo azkeneko errebisioan sintoma berri bat eskapatu zaiela uste arazten digun seinale txar bat, beti zaindu ezinaren, ekin ezinaren, ezer egiteko ezinaren inpotentzia sentsazioa bueltatuko denaren beldur.
Urteak bizi izan ditugu egoera honetan. Diagnostikoa ezagutu genuen egunetik, lehenengo krisitik, lehenengo ebakuntza, hurrengo egunean gertatuko zenaren aurreko ezjakintasunaren ondoriozko estutasunak eragindako lehenengo gau-belatik.
Hasieran legea aplikatuko zela eta kartzelaratuak mantenduko ez zituztela uste genuen, inork instantzia judizial batetan betetako kondenarekin eta gehitutako gaixotasunarekin nahikoa zela erabakiko zuela, espetxe politikaren diseinatzaileek ez zutela bihozgabekeria muturrera eramango… baina hanka sartu genuen, salbuespena eta eskumeneko boterea baino ez zaielako aplikatu eta noraino izango den jakin gabe jarraitzen dugu, mendekua noraino eraman nahi duten ulertu gabe.
Gaurko egunean segurtasun eza eta ziurgabetasun egoeran jarraitzen dugu. Galdera berdinarekin dihardugu: noiz arte? eta erantzunik gabe… baina uste dugu, sinetsi nahi dugu hau ez dela soilik gure kontua… gure senideen gaixotasunak eta espetxealdiaren mantentzeak ezin du soilik gure arazoa izan. Haiek eta gu herri honen parte gara, gizarte honetan barrena bizi eta borrokatzen dugu eta gizarte honi interpelatu nahi diogu.
Zer irabazten du estatu espainolak gure senide gaixoak kartzelan mantentzen? Zein gizarte normalizatuk onartzen du mendekua legezko norma gisa aplikatzea? Zein lehentasun ematen zaio agenda politikoetan preso gaixoen askatasun eskariaren ebazpenari? Noiz posizionatuko dira, argiki, giza eskubideekin konprometitutako herri honetako agenteak tratu humanitario baten alde? Zein balore emango zaio gehitutako sufrimenduari eta zigorren luzatzeari bizitzen dihardugun gatazkaren ondorioen ebazpenean?
Gure senitartekoen egoeran inplikatuta dauden instantziei eta gizarteari, orokorrean, zuzendu nahi diegun galderak dira. Bukatutzat eman nahi dugun atzerako kontaketa maltzur batetan bizitzen jarraitzen dugulako. Gotzone, Jose Ramon eta Jose Angel zaindu nahi ditugu, etxean, merezi duten maitasun eta dedikazioarekin, eta herri hau bizigarriagoa izan dadin lagundu, mendeku eta doako sufrimendurik gabe.
Bide horretan denok irabaziko dugu.”