Nutrexpak fabrika erosi eta gutxira aurkeztutako berrestrukturatze plana dela eta, 10 lan postu arriskuan daudela jakinarazi dute Artiach-eko langileek. Hauen aburuz, lan faltarik ez dago, eta inor kaleratua ez izatearen aldeko neurriak eskatzen dituzte.
Enpresaren arabera, 10 langileekin akordio batetara heltzen saiatuko da, “borondatez” enpresa utz dezaten. Langileek, ordea, inposizioa emateko aukerak daudela uste dute, enpresari ezetz esateko hautabidea dagoenik zalantzan jarriz. Izan ere, planteamendua egin eta egun gutxira, bulegoko hiru langileri, eta produkzioko hainbati, kaleratzeko intentzioa jakinarazi zitzaien. Momentuz, bakarra izan da kaleratua, ustez presioek prozesua eten dutelako.
Egoeraren aurrean mobilizazioak hasi dira. Biltzar orokorrean adostuta, egunero errelebo bakoitzeko bi orduko lanuzteak egingo dituzte. Momentuz, 240 lagunetik, non langileak, enkargatuak eta nagusiak kontatzen diren, batek bakarrik ez du lanuzteetan parte hartu.