Erakunde Internazionalistak bere desadostasuna erakutsi du Sale2 espetxeko preso politikoei egin zaien epaiketarekin, non bederatzi sahararri bizi osoko, lauri 30 urteko eta hamarri 20 eta 25 urteko kartzela zigorrak ezarri zaizkien.
Askapenaren ustez, prozesua froga argirik gabekoa eta injustiziaz beterikoa izan da, “Gdeim Izik, herri mobilizazio eta sahararren eskubideen aldeko mobilizazio baketsuen bozgorailua, isilarazteko tresna bilakatu dutelako epaiketa bera”. Gainera, atxiloketa uneetatik tortura, inkomunikazioa eta kartzeletako tratu txarrak pairatu dituztela salatu dute.
Gertaeren aurrean, Askapenak bere elkartasunik beroena adierazi die saharar herriari eta ekintzaileen senitarteko gertukoenei, eta berdina egiteko gonbitea luzatu die Urduña, Amurrio, Laudio, Arrankudiaga-Zollo eta Aiarako udalei, aurkeztutako mozioaren bidez.
Mozioan, besteak beste, epaia salatzeko eskaera egiten da, preso politiko sahararren berehalako askatasuna exijituz. Gainera, gatazka odoltsuaren konponbidea Sahara herriaren autodeterminazio eskubidearen aitortzan kokatzen du, eta baita “lurralde okupatuetako” giza eskubideen zanpaketa eta baliabide naturalen lapurretaren amaieran ere.