Enpresako sindikatuek zuzendaritzarekin izandako bileran, lege konkurtsala bukatzerakoan hiru aukera daudela mahai gaineratu zen. Oinarrizko aukera, lantegiaren behin-betiko ixtea da. Hau, egungo jabeek enpresa utziko dutenaren ziurtasun osoarekin, arazoaren muina da eta beste bi aukeren pizgarri nagusia. Lehenak, langileek Lan-Sozietate Anomimoa sortzea kontutan du. Enpresa mota hau kooperatiben antzekoa da. Gutxienez kapitalaren %51k langileena izan behar du, betiere bazkideetako batek ere kapital sozialaren herena baino balio gehiagoko akzioak ezin eskura ditzakeela kontutan hartuz. Langile batzuk bide hau jorratzeko prest daude, eta harremanetan jarri dira, nahiz eta haientzat zama handia izan halako enpresa handi baten gastuei aurre egiteko aurkeztu beharreko bermea.
Lantegiaren behin-betiko ixtearen aurrean agertzen den bigarren aukera, enpresa talde frantses batek erostea da. Honek, talde txinatar batekin du lotura, eta, euren plana, behin itxita dagoenean, lantegia erostea da, ondoren beste izen batekin, enpresa berri gisa, zabaltzeko. Aukera honek, ordea, ez du langileen etorkizuna ziurtatzen, jabe berriek erabakiko luketelako zein kontratatu eta zein ez.