Landaluze kaleko 17 eta 27 eraikinak inguratzen dituen errepidea norabide bakarrekoa izango da aurrerantzean. Auzo batzarretan, eta beste udal kanal batzuen bitartez, udalari behin eta berriz eskatu dioten neurria ezartzea lortu dute Landaluzeko bizilagunek.
Erabakia demokrazia zuzenaren bidez hartu dela adierazi du Laudioko Udalak. Izan ere, norabide bakarraren aurreko adostasun eta desadostasunak ikusita, korapiloa bozketa bidez askatzea erabaki zuten. Hala, etxebizitza bakoitzeko boto bat emanda, azkenean aldaketaren aldekoak gailendu dira.
Guztira, 120 etxebizitzetatik, 77k hartu dute parte, hots, %64,16k. Parte hartzaileetatik 26 (%33,77) aurretik zegoen moduan -bi norabiderekin- uztearen alde agertu dira. Besteek, guztira 51k (%66,23), aldatzeko apustua egin dute.
Udalak jakinarazi duenez, ahal bezain laster aldatuko du seinaleztapena.