Laudioko Udalak, Euskara Arloaren bitartez, Zuberoako maskaradetara joateko autobus zerbitzua antolatu du. Maskarada Euskal Herriko kulturaren atal garrantzitsua, ona eta txarra kontrajartzen duen herri antzerki arkaikoa da: euskal folklorearen inauteri-errito nagusi honetan, dantza, musika, kantu eta antzezpenak batzen dira. Ikusleen partaidetzarekin batera komunikazio baliabidea izatera heldu da.
Inauteri garaian hasi eta ia lau hiletan luzatzen dira maskaradak. Hilabete hauetan, Zuberoako herri batek prestatutako maskarada hainbat herritan erakusten da. Hala, Udalak antolatutako autobusak herri horietako bat ezagutzea du helburu, Atharratze, hain zuzen ere. Martxoaren 3an irtengo da, 9:00etan Laudioko Institutuaren aurreko bus geltokitik. Egun osoko txangoaren ostean, 21:00etan berriz ere Laudion izango da.
Bonoak 15 eurotan salduko dira, Udaletxeko euskara arloan. Eskuratzeko azken eguna otsailaren 28a izango da. Bidaia egiteko gutxienez 30 lagun beharko direla adierazi da euskara arlotik. Gainera, 18 urtez beherakoek baimen berezia eskuratu beharko dute Ertzaintzan edo Laudioko Bake-Epaitegian.