Laudio Ikastolak hirugarren Orientazio azoka egingo du urtarrilaren 11an, “Etorkizunari begira” lemapean. Laudio Ikastolaren eraikinean egingo da eta 16:00etatik 20:00ak arte egongo da zabalik. Batxilergoko ikasleei zuzendutako ekintza berritzaile honek hainbat unibertsitate eta Lanbide Ikastetxeetako informazioa norberaren beharretara egokituta eskuratzeko aukera eskainiko du. Azokaren helburua, ikasleek beharrezko informazioa jaso, orientazioa jaso eta zalantzak argitzea da, etorkizunean zeintzuk ikasketa burutu nahi dituzten erabaki dezaten.
Arratsalde osoan zehar informazio guneak irekita egongo dira, informazio pertsonalizatua jasotzeko aukerarekin. Bestalde, bi hitzaldi ere egongo dira. 17:00etan Deustuko Unibertsitatea eta Ikastolen Elkarteko Lanbide Heziketa arituko dira haien egitasmoa azaltzen. 18:00etan, aldiz Mondragon Unibertsitatea eta Zabalburu Ikastetxea.
Informazio mahaietan erakunde desberdinek hartuko dute parte. Besteak beste, eta aipatutakoez aparte, Andra Mari Irakasle eskola, Zaraobe ikastetxea, Ikaslan… konfirmatzeke dauden beste Unibertsitate eta Ikastetxerekin batera, ere bertaratuko dira.
Ikastolako Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasle eta gurasoez gain, eskaintza honen inguruan interesa izan dezakeen edonori irekita dago azoka. Informazioa gaztelaniaz jasotzeko aukera ere izango da.