2013 urtea hasi berria da eta lehenengo mobilizazioen deiak ate joka ditugu Aiaraldean. LIPMesako langileek, euren etorkizuneko egoera zalantzakorra salatzeko, Aretatik abiatuta, manifestazioak egingo dituzte hilaren 8 eta 10ean. 17an, berriz, Laudioko Plazan elkarretaratzea egitera deitu dute.
JEZeko langileek, bestalde, errelebo bakoitzeko 3 orduko lanuzteak egingo dituztela iragarri dute, lan hitzarmenaren negoziaketek aurrera egin ez dutela arrazoi izanda. Izan ere, langileen arabera, enpresako zuzendaritzak lan erreforma aplikatzeko intentzioa erakutsi du. Honen bidez, soldata masa %5ean txikituko litzateke. Gainera, horri aurretik hartutako neurriak gehitu behar zaizkio.
Egun, langileak urte bateko Enplegu Erregulazio Espedientea pairatzen ari dira, soldataren murriztea eragiten duena. Honekin batera, soldataren izoztea aplikatu zaie. Lanuzteak, hortaz, lan erreformaren aplikazioari ezetza erakusteko egingo dituzte, lan hitzarmenaren negoziaketetan aurrera egiteko nahiarekin.