LAB sindikatuak 2012ko balorazioa gobernuek herritarrei inposaturiko murrizketak aipatzen hasi du. Lan eskubideen galerak lan eta negoziaketa kolektiboaren erreformen bitartez, langabezia-sarian murrizketak, PFEZren igoera, BEZaren igoera, zerbitzu publikoetan murrizketan pribatizazioak bilatuz eta bultzatuz, pentsiodunentzako murrizketak… ezartzeko, krisia aitzakia bezala jartzea zentzugabekeria gisa ikusten du euskal sindikatuak, benetan “kapitalak aspalditik ezarri zuen ereduaren mesederako eginak eta ezarrita” daudenean, enpresa handi, bankuen, lobby finantzieroen… mesederako hain zuzen ere.
Gutxien daukatenentzako, langileriarentzako, ordea, pairatutako murrizketa eta neurriek erosteko ahalmenaren galera eta pobrezia baino ez dituela ekarriko esan du LABek. Hala, urteak egoera larria uzten duela ondorioztatu du, lanpostuen galera konstantea horren irudi delarik. 2011 urtearen amaieran 2670 langabetu baziren eskualdean, aurten 3134ra igo da zenbaki hori. (ikus atxikitutako taula)
Ez da, ordea, dena ezkortasuna izan. LABek borroka egiteak bere etekinak eman dituela azpimarratu du, Tubos Reunidos, Inauxa, Guardian… enpresetan erakutsi den bezala. Gainera, 2012ko bi greba orokorretan inposatutako politikei ezezko borobila azaldu zaiela uste du.
2013 urteari begira antzeko egoera aurreikusten da sindikatuaren arabera. Murrizketekin jarraituko dela antzematen du, gizartea gero eta gehiago txirotuz. Honen aurrean, elkartasunari eta erantzunari deitzen dio, izango diren mobilizazio desberdinetan parte hartzeko deia luzatuz.