Abenduaren 22a da Guardianeko langileek jai herrikoia ospatzeko aukeratu duten eguna. Aldai plazan egingo da ospakizuna eta Laudioko talde desberdinek parte hartuko dute, euren elkartasuna adierazteko. Izan ere, langileak urriaren 28tik greba mugagabean murgilduta daude.
Jaiak goizeko 10:00etan izango du hasiera, txupinazoaren jaurtiketarekin. Ondoren Arloteak, Galtzagorriren buru handiak, Batukada, Zanpantzarrak, herri bazkaria eta DJa egongo dira, zehazteke dauden orduetan. Gainera, txosna jarriko dute eta herriko komertzioek emandako produktuez eratutako eguberrietako saskia zozketatuko da.
Bazkaria institutuan izango da eta 500 pertsonek langileek Laudioko txoko baten laguntzarekin prestatutako indabak jateko aukera izango dute. Honen ostean, institutuan bertan, Sorgin Zapatuak egongo dira, umeentzako tailerrekin eta nagusientzako txapelketekin.
Jaiaren amaiera DJaren eta erabakitzeke dauden talde musikalen eskuetan utziko dute.