Azaroaren 30ean eskainitako prentsaurrekoan, Laudioko gobernu taldeari luzatutako kritika gogorren artean, OMNIAk parte hartze birtualaren plataforma sortu duela iragarri zuen. Aldebakartasunean egin dutela adierazi zuten, Udalean aurretik onartu bazen ere aurrera egiteko intentziorik erakutsi ez dela argudiatuta.
Plataformak Laudioren 3D irudia eskainiko du, lekuan lekuko arazo desberdinak bertan kokatuz. Hala, burutu aurretik, eraikiko diren proiektuen berri jasotzeko aukera emango du, besteak beste, OMNIAren zinegotzi den Nerearen koordinazioari esker. Herritarren iritzia entzun eta Udaletxeari helarazteko tresna izango dela aipatu dute.
Hori dena, esan bezala, gobernu taldeari egindako kritika zorrotzen artean azaldu zuten. Lehena alderdi politikoen aurkakoa izan zen, orokorrean, herritarren interesen alde baino alderdiaren alde egiten dutela salatuta, boterea lortu edo mantentze bidean irudia izanda ardura bakarra. OMNIAren iritziz sektarioak dira lan egiteko modu hauek, noraino eta politiko baten iritzia bere alderdiaren inposizioz aldatzeraino.
Gainerako kritikak proiektu eta proposamen jakinen ingurukoak izan ziren. Haien artean, AP68 autopista dohainik izateko egin zuten proposamenaren aurrean beste alderdi politikoei isiltasuna leporatzen diete, edota, etxe kaleratzeen aurrean Udalak ustez erakutsi duen eraginkortasun falta. Gainera, gobernu taldeak Berlojatzenen soluzioari, hau da, URAk sustatutako proiektuko kaltetuei etxea bilatu eta alokairua ordaintzea, ezetza ematea leporatzen diote, ezgaitasun faltaren ondorio dela salatuz.
OMNIAren kritikarik esanguratsuena, agian, Udalaren gardentasun ezari eta parte hartzea modu alderdikoian erabiltzeari egiten diotena da, hala nola parekidetasun ezari. Bertan, proiektuen ezkutatzea edota parte hartzerako tresna mugatuak salatzen dira, azkeneko hau soilik alderdiaren irudia indartzera datorrela aipatuz. Parekidetasunari dagokionez, Nerea, OMNIAren zinegotzia, umea erditzeagatik bere postutik kendu izana salatzen dute.