Atzo, hilaren 20an, asteartea, Langile Batzordearen ordezkariek 14 egunez luzatu den itxialdia bertan behera uztea erabaki zuten. Itxialdiak Guardian enpresako zuzendaritza negoziatzera behartzea zuen helburu; ez dute lortu, ordea.
Irten eta ondorengo deklarazioetan, lan erreformaren aplikazioa saihestuko duen lan hitzarmen duin bat besterik ez dutela aldarrikatzen gogoratu dute. Hori lortzeko langile guztien borroka ezinbestekoa da, ordezkarien arabera. Era berean, Enplegu Erregulazio Espedienteen beharrik ez dela esan dute. Izan ere, gero eta jende gutxiagok lan egiten du eta, ondorioz, gero eta lan karga handiagoa hartzen ari da langileetako bakoitza.
Ibilaldia egingo da Laudiotik abiatuta
Bilboko Guggenheim museoan amaiera izango duen ibilaldia hasiko da gaur, goizeko 8retan, Laudion. Mobilizazio honek bizi duten gatazka gizarteratzea du helburu.
Abiapuntua Guardian enpresa izango da. Areta, Arrankudiaga, Ugao, Arrigorriaga, San Miguel, Basauri eta La Peña igaroko dituzte, azkenik Bilboko kaleetatik helmugara heltzeko.