Langile komitearen ordezkariek zabaldutako mezuan, Guardian enpresak ez diela negoziazio proposamena helarazi salatu dute, nahiz eta komunikabideei aurkakoa esan. Era berean, zuzendaritzaren gaitasuna zalantzan jartzen da, egindako proposamenak egun batetik bestera aldatzen dituela argudiatuta, ustez zuzendaritza orokorrak onartuak ez direlako. Horren ondorioz, gaurko egunean ez omen dago enpresaren idatzizko proposamenik, soilik komiteak aurkeztutakoa.
Langileen ordezkarien helburua lan hitzarmen duin eta justu bat lortzea dela esan du komiteak, Laudioko enpresan lanpostuen mantentzea oinarri duena, kaleratzerik egongo ez dela ziurtatuz. Hala, berme hori izanda, proposamenak baloratu eta negoziatzeko prestutasuna erakutsi dute langileek.
Egoeraren ondorioz, eta zuzendaritza jesartzera behartzeko, LAB, ELA eta UGT-ko ordezkariek negoziaketa mahaiaren aretoan itxialdi mugagabea hasi dute.
LABek zuzendaritzak langileei zuzendutako gutuna baloratu du
Sindikatu abertzaleak lotsagarritzat hartu du urriaren 23tik langileak greban dituen enpresa batek, langileei beraiei helarazi beharrean, prentsari ezkutuan gutun bat bidaltzea. Bere ustez errespetu falta erakusten da horrekin.
Baina benetan sutzen dituena gutunean esaten dena da. Izan ere, negoziaketak hasi zirenetik 10 hilabete bete direnean, akordiorik lortu gabe eta egoeraren inguruko dokumenturik aurkeztu gabe, “fede ona, gardentasuna eta elkarrizketa” aipatzea iraingarria dela uste dute.
Gainera Laudioko fabrika errentagarria dela esan du sindikatuak, besteak beste azken urteetako etekinek erakusten duten moduan. Era berean, orain dela urte bat, “krisi garaian”, labe berria ireki izanak ikuspegi hori indartzen duela uste du. Beraz, enpresaren jarrerak hitzarmen kolektiboaren negoziaketan presioa ezartzea duela helburu uste dut LABek.