Irakaskuntzan pairatutako murrizketei aurre egiteko asmoarekin, Ikasle Greba orokorra egin zen ostegunean, urriaren 11n, Aiaraldean, Euskal Herrian zein espainiar estatuko beste nazio zapalduetan bezala. Oztopoak oztopo, Amurrio eta Laudioko ikastetxe ugaritako ikasleak kalera atera ziren, Ikasle Abertzaleek egindako deialdiarekin bat eginez.
Eguerdiko 12:00etan, Ikasle Abertzaleen balorazioaren arabera, “espainiar gobernutik inposatu nahi zaizkigun murrizketa ekonomiko basatiei eta erreforma atzerakoiei ezezkorik tinkoena azaldu” zieten Laudion ospatu zen eskualdeko manifestazioan, . 150 lagun bildu ziren. Bertan izan ziren LABeko langileak babesa ematen.
Ekimen berdinaren barnean, ostiralean, urriaren 12an, herri eskolak antolatu zituzten Amurrioko institutuan, “inposatutako jai arrotzei” aurre egiteko asmoarekin. 25 pertsona bildu ziren, besteak beste, Nafarroako konkistaren inguruko historia ikasi, jai arrotzen inguruko hausnarketa egin eta herri kiroletan jarduteko.