Abenduaren 1ean sinatuko dute Kime enpresako zuzendaritzak eta langileek 2012 eta 2013 urteetan iraupena izango duen lan hitzarmena. Antza, LABeko ordezkari batek esandakoaren arabera, hitzarmena aurrera eramateko oztopoen aurrean, langileek greba egiteko intentzioa erakutsi eta urriaren 23an dokumentazioa aurkeztu zutenean, zuzendaritzak negoziaketetan hastea onartu zuen.
Urriaren 24ean batu ziren eta 11 orduko bileraren ostean akordio batera heltzea lortu zuten, lan hitzarmenaren aplikazioa saihestuz. Besteak beste, lan malgutasuna %6an ezarri da eta IPCa izoztuko bada ere, langileek enpresari zor dizkioten 8 egunak berriz ere langileenak izango dira.
Akordioa egun bat beranduago, urriaren 25ean, babestu zuten langileek. Hala ere, iturri berdinaren arabera, enpresak ez ditu aurreikuspenak bete. Izan ere, 75 milioi euro fakturatuko zituela uste zuen arren, 45 milioi fakturatu ditu. Honi, ustez banketxeekin dituen zorrak gehitzen zaizkio.
Enpresaren zuzendaritzak langileei helarazitako oharrean egoera txarraren berri ematen da. Dena den, etorkizunerako ikuspegi itxaropentsua erakusten du, bezero berriekin sinatzekoak dituen kontratuak direla eta. Horregatik, langileen komiteari arduraz jokatzeko eskatu dio, greban sartzeak hainbat akordio atzera botako lituzkeelako, egoera pobretuz.