Bihar, hilaren 29an, astelehena, Laudioko Udaleko osoko bilkuran eztabaidatua izango den mozioa aurkeztu dute EAJ-k eta Bilduk. Mozioak preso gaixoen eskubideen aitortza du helburu, horretarako indarrean dagoen legedia baliatuta. Hala, “giza arau eta eskubide horiek diren moduan onartu behar dira, edozein delarik ere aukera, egoera edo interes politikoa” aitortzen da aurkeztutako idatzian.
Ekimenaren bultzatzailea alderdi jeltzalea izan da. Hasieran aurkeztutako mozioa hiru puntuz osatuta zegoen, gerora, Bilduren ekarpenarekin, laugarren puntu bat gehitu zaiolarik.
Besteak beste, sakabanaketa eta inkomunikazioaren salaketa, presoen osasun, hezkuntza eta hizkuntza eskubideen bermea edota kasuan kasuko onuren ezarpena zein kaleratzea jasotzen dira.
Aipatutakoei, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen baldintzapeko askatasunaren eskaera gehitu zaie mozioaren berrikuspenean, “beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten”.