Laudioko Bilduren udal taldeak araudien bitartez egitekoak diren ordenantzen aldaketa desberdinak proposatu ditu. Aldaketa horiek lantzeko gainontzeko alderdiekin bilerak egin dituzte eta hurrengo Udal Osoko Bilkuran aurkeztekoak dira.
Lehenengo aldaketa OHZri dagokion bigarren ordenantzan proposatu dute. Pasa den urtean indizea 0,23an uztea eta zortzi urtetan 0,30era igo behar zela erabaki zen. Hori bermatu ahal izateko, 0,24era igotzea aurreikusten da, urtez urteko igoera mailakatua egin ahal izateko. Hala ere, diru sarreren araberako hobariak mantentzen dira eta baita epeka ordaintzeko aukera ere.
Bigarren aldaketak hirugarren ordenantzarekin du erlazioa, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergarekin hain zuzen ere. Turismo denek pairatuko dute igoera berdina. Talde horretan ez dira sartuko lehenengo sektoreko ibilgailuak, traktoreak kasu.
Seigarren ordenantzan proposatzen dena, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, energia berriztagarriak sortu edo erabiltzen duten enpresei %50 hobaria ematea da.
Azkenik, zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren ordenantzetan zerbitzu publikoen tasen eguneraketa azaltzen da.