Guardian enpresako zuzendaritzak kaleratzeak egongo direla jakinarazi die langileei, grebaren osteko hitzarmenaren inguruko eztabaidarako deitutako bileran. Langileek esan dutenaren arabera, enpresak haien kopuru handia kaleratua izango dela esan zien, zenbaki zehatza eman gabe.
Datorren astelehenean zuzendaritzarekin biltzekoak dira. Bertan emango zaie honen guztiaren berri. Bien bitartean, langileek bi biltzar egin zituzten atzo, egoeraren aurrean hartu beharreko neurriak eztabaidatzeko. Goizekoan 110 pertsona inguru izan ziren eta arratsaldekoan hortik gora, guztira 400 langiletik hurbil dituen enpresan.
Biltzarretan, sindikatuak biltzen dituen komitearen lasaitasun eskakizunari bizkarra emanez, gaur eta bihar, zein hilaren 23 eta 24an, grebarekin jarraitzea erabaki zuten, eta, lanpostua defendatze aldera, egoerak hobera egin ezean, greba mugagabeari ekingo lioketela aditzera eman dute.