Pasa den ostegunean langileen gehiengoaren parte hartzearekin egindako bi asanbladetan hala erabakita, Guardianen irailaren 26, 27 eta 28rako greba deitu dute, Komiteak egindako proposamenari baietza emanez.
Ekimena ELA, LAB, PTG eta UGT-k onartu dute, azkeneko hau beranduago batu delarik, hasieran abstentzioaren alde agertu ostean. NCEG eta CSIF-ek aurkako jarrera erakutsi dute.
Greba luzatzearen erabakia hitzarmena adosteko enpresak erakutsitako immobilismoaren ondorioz hartu dute. Zuzendaritzatik egindako azkeneko proposamenean 5 urtetarako hitzarmena aurreikusten da, lehenengo urtean soldataren %1eko igoerarekin eta ondorengoetan KPIren araberako igoerarekin. Gainera, %5eko lan malgutasuna eta aurretik lortutako opor egunen aldaketa ere enpresaren proposamenean sartzen dira.
LAB sindikatutik adierazi dutenez hitzarmenean lanpostua mantentzeko bermeaz, lanaldiaren laburtzeaz, soldaten berdintzeaz, errelebu kontratuaz edota aldi baterako lan-arloko enpresen ordez, enpresa bidezko kontratazioaz ez da ezer aipatzen.
Egoeraren aurrean, sindikatutik mobilizazioetan parte hartzera deitu da.