LAB sindikatuak, hilaren 6 eta 10ean izandako batzarren harira, Guardian Laudio enpresako lan hitzarmenaren egoeraren inguruko balorazio ezkorra aurkeztu du. Izan ere, enpresak aurkezten duen hobekuntza txiki bakoitzaren aurrean exijentzia berriak gehitzen dituela esan du sindikatuak, proposamenak, orokorrean, txarrera eginez.
Hala, onartezintzat hartu du enpresak lan hitzarmenari 5 urte luze eman nahi izatea, proposamenean KPI gainetiko soldata hazkuntza bermatzen ez denean edota langileen lan orduen murrizketa zein soldata eta lan orduen berdinketa jasotzen ez denean. Azkeneko honetan, enpresaren nahia lanaldiaren malgutasuna %5ean handitzea izan dela aditzera eman du LABek.
Aipatutakoaz aparte, etorkizun hurbilean produkzio sailean Enplegu Erregulazio Espediente bat aplikatzeko intentzioa erakutsi du zuzendaritzak. Euskal sindikatuak onartezintzat hartu du, are gehiago gaur egun beharrezkoak diren lan postuak betetzen ez direla ikusita; “hainbat langile bi zereginetan aritu behar dira, eta instalazio batzuetan pertsona bakarra dago”. Gainera, “Abuztuaren 31raino “aitortutako” 700 aparteko ordu egin dituzte langileek”. Lan kargaren hazkuntzaren ondorioz istripuak gerta daitezkeela salatu du LABek.
Egoeraren aurrean, mobilizaziora deitu du, konponbidea lortzeko aukera bakarra delakoan. Hilaren 20an egingo den biltzarrean aurkeztuko zaizkie langileei mobilizazio egunak.