Laudioko Bilduren lan taldeak prentsaurreko bat eskaini du hauteskundeak irabazi zituztenetik igaro den urtearen balorazioa egiteko.
Hauteskunde kanpainan egindako promesak aipatzen hasi dira, denak bete dituztela ziurtatzeko. Horien artean aldaketa politikoa martxan dela esan dute. Izan ere, politika egiteko modu berria aldarrikatu zuten, eta, gaur egun, horretan ari direla diote, agintaldi partekatu baten bidez gobernatzen, herritarren parte hartzea sustatzearekin batera.
Gainera, aurreko legislaturetatik egiteke zeuden kontuei irtenbidea aurkitu diotela esan du Bilduk. Horien artean Arraño mendiko antenaren legezko kokatzea dago, non enpresak 16 metroko altuerakoa jarri nahi zuen, ordenantzak 12,5 metrokoa onartzen zuen bitartean. Honetaz aparte, neurri ekologikoen harira, Jesuriko parke eolikoaren kontra eta Garoñako zentral nuklearraren itxieraren aldeko adierazpenak egin dituztela esan du udaletxeko gobernu taldeak.
Obra munizipalekin jarraituz, Altzarrateko erabilera anitzeko eraikinaren ordez egindako parkea justifikatu dute, egin ezean Madrileko gobernuari milioi erdi euro bueltatu behar zitzaizkiola argudiatuta. Eraikina bera egitea aurretik baztertu zuten, egoera ekonomikoari begiratuta 15 milioi euro gastatzea irrealtzat hartuta. Honen ordez, gainontzeko talde politiko eta kultural desberdinekin hitz eginda, Aldaiko plazan 300 ikusle ingururentzat areto bat egitea analizatzen ari dira.
Hauekin batera, Lamuzako Parkeko Aldaikoerreka ibaiaren saneamendua, tren geltoki inguruko urbanizazioa eta Lateorrorekin batzen duen tunelaren erreforma aipatu ditu Bilduk. Erreferentziarik garrantzitsuena, atzetik izan dituen borroka eta aldarrikapenei begiratuta, Goikoplaza inguruko urbanizazioarena da, non, URArekin izandako bileraren ostean, proiektua 2013. urtean egitea erabaki zuten. Ondorioz, Fleming Doktorea kaleko bizilagunak birlojatuko dituzte.
Ekonomiari dagokionez, Bildutik aurrekontuak aurkako botorik gabe eta zuzenketen gehiengoa gehituz onartu zirela oroitu da, politika egiteko modu berri horren adierazletzat aurkeztuz. Aurtengoak, pasa den urtekoekin konparatuz, %3a murriztu dira, diru sarreren beherakada dela eta. Hala ere, krisiaren aurrean, udaletxetik neurri desberdinak hartu direla aipatu dute: babesik gabeko familientzat diru laguntzak bikoiztu, gobernu taldearen liberazio kosteak murriztu, etxetik botatako familientzat asistentzia protokoloa ezarri, zatikako ordainketa eta hobari politikak antolatu, enplegu mahairen araudia egin, euskara sailari diru gehiago eskaini… bidean dauden beste aukera batzuekin batera, zuinaren berritzea eta kirol instalazioetako eta eskoletako inbertsioak kasu.
Herritarren parte hartzearen gaian, Bilduk EAJren kritikei erantzuna eman die, prozesua bera baldintzatzeko presa sartzen ari zaiela salatuz. Besteak beste, aurten saiatu badira ere, etorkizunean aurrekontuak parte hartzearen bidez adostuko direla esan dute. Honetarako auzo asanbladen errefortzua bilatu da.
Hauekin batera, kontseilu sektorialak eta herritarren ekarpenak bultzatzeko ideien bulegoa eratu dira, bidean den beharren mapa ahaztu gabe.
Bukatzeko, EAJ egindako gardentasun ezaren kritikei erantzuna eman diete hartutako hainbat neurri aipatuz: diru soberakinen egoera, liberatuen nominak, udalbatzen grabaketak, aurrekontuak… web orrialdean hilero publikatzea, bozeramaileen batzordeak deitzea…
Laudioko EAJk Lanbide Heziketako Udal Ikastetxearen inguruan mozioa aurkeztu du
Alderdi jeltzaleak aditzera eman duenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak kudeatzen duen hezkuntza sare publikoan ez dagoen titulartasun publikoko ikastetxe bakarrenetarikoa da.
Otsailaren 3ko 21/2009 dekretuaren arabera, non ikastetxe ez unibertsitarioen antolaketa eta plangintzak ezartzen diren, antolaketa EAEko Agiri Ofizialean, argitaratu eta hurrengo lau urteetan, progresiboki egin beharko litzateke.
Alor honetan zerbitzu publiko hobeago bat eskaintze aldera, Laudioko EAJ-k, heziketa eta prestakuntza beharrak asetzera bideratutako baliabide publiko guztiak era bateratuan kudeatu daitezen eta ikasleek euren eskolatze aldian zehar ibilbide akademikoa ezagutzeko aukera izan dezaten eskatu du.
Horregatik, Bilduri beharrezko akordioak hartzea eskatu diote, Laudioko Lanbide Heziketako Udal Ikastetxea hezkuntza arloko eskuduntzak dituen Saileko titulartasun publikoko sareko ikastetxeen sisteman sartzeko.