Azken urteotako Espainiar Gobernuaren murrizketa sozialak bankaren zuloa estaltzera etorri dira LAB sindikatuaren ustez. Soldata, pentsio eta langabetuen diru-laguntzen txikitzeak, BEZ-aren igoeraren bidezko produktuen garestitzeak eta kotizazio sozialen beherapenak, etekin enpresarialak helburu izateaz aparte, bankari 100.000 milioi euro ematea ahalbidetzen dutela esan du sindikatu abertzaleak.
“Politika hau manipulazio eta gezurretan oinarritzen da”, salatu du. Izan ere, “espainiar gobernuak asteak daramatza bere benetako asmoak ezkutatzen” helburu argi batekin: jendea prestatzea espoliazio hau ezinbestekotzat onartzeko.
LAB-ek neurrioi erabateko gaitzespena adierazi die, alternatiba desberdinak daudela defendatuz, betiere aurrera eramateko borondate politikoa badago. Hortaz, “krisiaren irteera” murrizketen ez aplikazioan eta zerga zein politika sozialen aldaketan dagoela uste du.
Bide honetan, gizarte mobilizazioari deitzen diote. Aurrenekoak, gaur, uztailaren 17an, 11:00etan Laudioko Lanbideren bulegoen aurrean eta bihar, 19:00etan, Laudioko herriko plazan, kazerolada-kontzentrazio zaratatsu baten bidez, izango direlarik.