Pasa den astean, Udal gobernu-taldeak eta jaiak prestatzen aritzen den teknikari batek bilera izan zuten Amurrioko jaietako koadrilen ordezkariekin, azkeneko hauek jarduera ofizialetan -koadrilen egunean eta karrozen prestaketan salbu- parte hartuko ez zutenaren erabakiaren inguruan hitz egiteko.
Udalaren arabera koadrila guztiei gonbidapena luzatu bazitzaien ere, bi baino ez ziren izan bertaratutakoak. Bileraren emaitza, aldiz, aurrekoaren berdina izan omen zen, hau da, koadrilen ezezkoa.
Nuria Lopezek, Jai-batzordeko presidentea eta Jaien zinegotzia denak, koadrilek hartutako erabakia ulertu ez dutela esan du. Gainera, erabakia aspaldikoa dela jakinarazi dietela gehitu du, bileran egindako eskaerei aurre egiteko Udalaren esfortzua onartu ei duten bitartean. Nuriak, koadrilen esanetan, jaiekiko izandako jarrera azkenengo urteotan izandako Udalaren konpromiso faltan oinarritu dela aipatu du.