Sindikatu abertzalearen aburuz, finantza sistemak Espainiar gobernuak hartutako erabaki guztiak agindu ditu, sistemaren beraren krisia, murrizketen bidez, langileriari ordainaraziz. Hartutako neurriok, gizartearen pobretzea eta kolektibo desberdinen bazterketa soziala eragiten dute LABen ustez.
Beste batzuen artean, PFEZ eta BEZa bezalako tasen igoera, langabezi eta erretiro prestazioen izoztea eta gutxitzea, banketxeei norbanakoentzako izan beharko litzatekeen diru laguntza publikoaren ematea, oinarrizko zerbitzu publikoen pribatizazioa… aipatzen ditu.
Gainera, aipatutako neurrietaz aparte, Aiarako enpresa askok, legearen babesean, langileak “dohainik” kaleratu dituztela salatu du LABek, Lan Erreformak emandako zigorgabetasunaren ondorioz. Honekin batera, lege berriaz baliatuta, lan hitzarmen zein zerbitzu publikoen negoziaketetan zuzendaritzaren jarrera bide beretik doala aipatu du sindikatuak, Inauxa, Kime, Guardian, JEZ, TRI eta Nubiolan enpresetan gertatutakoa oroituz: langileen eskubideen gaineko mehatxuak eta lanaldiaren malgutasunaren inposatzea, urteko egutegia ezabatuz lan egun gehiago inposatzeko.
Ez hori bakarrik: kaleratzeak, lan sarien murrizketak, ERE-en ezarpenak… marko berdinaren barnean kokatzen ditu LABek, zeinaren iritziz aurre antolatutako maniobrak diren, enpresa guztiek jarraitzen dituztenak, langileriaren kontura estatusa mantendu edo hobetzeko.
Hitzarmen Kolektiboa, antolakuntza eta borrokaren bidez defendatu behar dela esanez eman dio amaiera prentsa oharrari.