Laudioko Jez enpresak langile batzordeak aurkeztutako plataforma bateratuaren aurrean hiru planteamendu desberdin dituen proposamenarekin erantzun duela adierazi dute azkeneko hauek.
Alde batetik, 20 kaleratze onartzeko aukera ematen du. Bestetik, langileen soldatetara bideratutako diruaren %5aren txikitzea. Eta azkeneko aukera, neurri desberdinak hartzen dituena, non, soldataren %2aren txikitzea, lanaldiaren 24 orduko luzatzea, aldi bateko ezgaitasunaren osagarrien murrizketa, ikasketetarako laguntzen ezabaketa… aipagarrienak diren.
Langile batzordeak proposamen hauei ezetza aurkeztu die, enpresaren egoera ekonomiko txarraren ardura zuzendaritzarena dela argudiatuz, urte batzuk lehenago Ipar Euskal Herrian zabaldutako lantegiaren ondoriozko galera ekonomikoak arrazoi. Gainera, oroitzen du 2011ko irailaren 10etik 2012ko martxoaren 9ra enpresak langile guztien etenaldirako Lan Erregulazio Txostena aitortua duela eta zuzendaritzatik egoera honen antolaketa kaxkarra onartu dela, denbora tarte horretan diru kantitate handia galduz.
Honen guztiaren aurrean langileek ez dituztela xantaiak onartuko adierazi dute, eta, enpresaren planteamendua atzera bota ezean salaketa eta mobilizazioen alde agertuko direla.