Ostiral honetan ogasun batzordean aurkeztekoa bazen ere, akats bat medio, aurrekontuen zirriborroa atzeratu behar izan du Bilduren gobernu taldeak.
Akatsa diru sarreren arloan aurkitzen da, teknikarietako batek ez baitzuen kontutan izan kargaren 0,3tik 0,23rako jaitsiera. Honekin, aurreikusitakoa baino milioi bat euro gutxiago izango du udalak, nahiz eta eragina ustez baino txikiagoa izango den marjina moduan %15eko murrizketaren hipotesiarekin lan egin baita.
Atzerapenak eman diren arren, zirriborroa aurkezteko epe barruan jarraitzen du udalak. Datorren astean aurkeztuko da, ondoren eztabaidara eramateko, talde desberdinen ekarpenak jaso ahal izateko.
Beharren mapa ardatz
Gastuak erabakitzeko auzoen beharren mapa erabiliko du Bilduk, zeina, egiteke dagoen neurrian, auzo asanbladen ekarpenekin osatuta egongo den. Parte hartze prozesu honetan, asanblada bakoitzaren eskakizun guztiei aurre egin ezingo bazaie ere, erantzuna emango da zergatiak azalduz.
Egoera ekonomikoa dela eta, beharrezkoak ez diren aurrez planteatutako zenbait inbertsio ez direla egingo aurreratu da.
Hiritar Tailerrak egingo dira
Aipatutakoaz aparte, apirilaren 17 eta 19an lehen hiritar tailerrak egingo dira “Casa Matriz”-en. Jesus Cebollak, hirigintza arloaren buruak, aipatu gabeko hirigile famatu batekin hitzaldi bat emango du, Fernando Heviak, Laudioko arkitektoak, erakusketa bat antolatuko duen bitartean, egun desberdinetan, hurrenez hurren. Ekintza biek hirigintza izango dute hizpide eta Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorraren inguruko hausnarketa eragin nahi dute.
Aurrerago tailer gehiago egongo direla iragarri da.