Datorren igandean, martxoak 25, Orozko herriko gaztetxoek inguruko zuhaitzak ezagutu ahal izango dituzte udal ingurumen sailak sustatutako bisita gidatuari esker. Ibilbidea Josu San Pedro alkateak gidatuko du, biologoa bera, ingurumenaren zinegotzia den Raquel Olabarriarekin batera.
Ekimenaren helburua landarediaren garrantziaren inguruan heztea da, eta, honekin batera, zuhaitzen kokapenak logika bat duela eta ekosistema barneko aldaketek logika hori alda dezaketela irakastea. Hau guztia aisialdi kutsua izango duen irteera erakargarrian bilduko da.
Ibilbidea Zubiaur auzoko inguruetatik burutuko da. Irteera Zubiaur enparantzatik egingo da, 9:30etan, eta 3 ordu eta erdiko luzapena izango du.