Arabako Foru Aldundiak entitate lokalek proiektuak aurkeztu eta ondoren diru-laguntza jaso ahal izateko egingo duen deialdiaren aurrean Amurrioko Bilduk Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren barne hartuko diren obrak aukeratzeko eztabaida irekitzea eskatu du.
Bide honetan, proiektuak eta hauen ezaugarriak herritarrek aukeratu behar dituztela azpimarratu du. EAJri erantzun gisa aurkeztutako proposamena da, azkeneko honek erdi agerian utzi omen duelako proiektu bat aukeratua duela, San Jose auzoan burutzekoa, inoren iritziarekin kontatu gabe.
Antza proiektuak auzoaren ber urbanizazioa ekarriko luke, zerbitzuen kanalizazioa gairik indartuena izanik. Honen aurrean, Bilduk landuko den bakarra hirigintza alorrekoa dela aurreikusten du, auzoaren behartzat duen aktibazio soziala alde batera utziz. Bada, ekipamenduen urritasuna eta industrializazio garaiko etxebizitzen egoerari aurre egin behar zaiola deritzo.
Era berean, itxura eta zolatzearen gainetiko beste gai batzuk jorratzea ezinbestekoak direla uste du alderdiak, horiek definitzeko parte hartze prozesu baten irekiera bidea izanik.
Bukatzeko, EAJren jarrera salatu du, legegintzaldiaren garrantzia handieneko proiektuan bilakatu nahi duela aipatuz, 1.200.000 euroko gastua ekarriko badu ere. Foru Aldundiak %70aren inguruko finantzaketa burutuko luke, gainontzekoa udalaren esku geratuz eta, Bilduk aipatutakoaren arabera, errekurtso faltagatik, zorretan sartuta ordainduz.