Orain dela aste bat baino gehiago Amurrioko Bilduk EAJren kudeaketa kritikatzeko egindako prentsaurrekoaren aurrean azkeneko honek erantzuna eman du, esanez hasieratik sustatu dutela herritarren parte hartze zuzena eta Zabaltzen prozesua argudiotzat jarriz, non jasotako proposamenak bete omen dituzten.
Adibide gisa maskoten jabetzaren inguruko ordenantzaren aplikazioa darabilte, zeina, euren hitzetan, hiru urte berandu jarri den martxan, aurreko gobernu taldeak eratu bazuen ere ez zuelako bete. Prozesuan txakurren jabeekin batera beraietaz gozatu ahal izateko espazio berdeak erabaki direla diote.
Era berean, parkean erabilera anitzeko estalkia eraikitzeko proiektuaren elaborazioa parte hartze prozesuaren barnean kokatzen dute, herritar hainbatek hala eskatu baitzuten. Besteak beste, bidegorriak konektatzeko intentzioa ere aurkeztu da.
Bukatzeko aurreko gobernuari kritika egiten dio, auzo asanbladen eta Arnasa foroaren desaktibazioa burutu zuela aipatuz.