APILL-ek begi onez ikusten ditu Laudion Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren aurrean hartutako neurriak. Hauek, dena den, ez dira sektore komertzialera ireki, eta, honen aurrean, bi proposamen egiten ditu.
Lehena, etxebizitza eta lokal arruntekin egin den bezala, lokal komertzial eta industrialetan karga jaisteko aukerak aztertzea da. Bigarrena, aldiz, OHZren komisio teknikoan parte hartzea.
Karga jaisteko modua Aldundiaren baloreak txikirako joeran berrikustea dela uste du, edo, bestela, hobarien aplikazioa sektore komertzialean, ostalaritzan zein zerbitzuetan.
Beste herrietako informazioa jaso eta udaletako zein Aldundiko teknikariekin hitz egin ostean, aukerarik bideragarriena baloreen murrizketan ikusi dute, Amurrion 2009 urtean egin zen bezala. Honen ondorio da Laudioko erdiguneko lokal baten m2-aren balioa 1500 eta 2000 euroren artean egotea, Amurrion, 520 eta 625 euro bitartekoa denean, herri bietan merkatuaren balioa antzekoa izanik.
Jaitsiera hau Amurrioko udalak Aldundiari eskatutako zuzenketa indizeagatik eman zela aipatzen du APILLek, Laudioko udalaren teilatura harria botaz, ondoren, herriko komertzio, ostalaritza eta zerbitzuen egoera sozio-ekonomiko kaxkarrarenganako ardura erakusten bukatzeko.