Atzo, otsailaren 1an, ospatu zen Villosa (gaur egun Guardian) enpresaren bi langile ohiren salaketen ondoriozko epaiketa. Salaketak INSSek langileek enpresan 27 eta 28 urtez lanean ibili ondoren pairatzen duten abestosia gaixotasun profesionaltzat aitortua izatea ukatu ondoren ezarri ziren.
Langileek amiantoarekin izandako kontaktu iraunkorraren ondorioz osasun arazo larriak izan dituzte. Hauen aurrean Mutuak, Gizarte Segurantzak eta Osakidetzak ez diete jarraipen egokirik egin, diagnostiko okerrak emanaz eta medikuntza pribatua aukera bakartzat aurkeztuz, amiantoarekin lan egin duten langileei osasun arreta berezia eskaintzeko beharra ez baita bete. OSALAN-ek, bere aldetik, gaixotasun profesionalaren susmoa adierazi du.
LAB sindikatuak egoera hau salatu egin du, epaiketa eguna finkatzeko irregulartasunekin batera. Izan ere, data hiru aldiz finkatu den arren, beti, azkeneko momentuan bertan behera geratu da. Atzerapen guztiak Mutualiak eskatuta izan dira, inongo arrazoiren beharrik gabe.
Honekin, langileak denbora, dirua eta osasun arreta galtzen ari direla azpimarratu du sindikatuak, mutuek dirua aurrezten duten bitartean. “Are gehiago atzerapenen ondorioz langilea gaixotasun honengatik hiltzen bada eta horrela gaixotasun profesionalaren aitorpenari dagozkion prestazioak ez badituzte ordaindu behar”, gehitu du LAB-ek.
Kasu hauek amiantoaren ondorioz gaixotutako langileen aurrean instituzio publikoen konpromiso eskasa erakusten dutela salatzen bukatu dute.