Abenduaren 23an Amurrioko gazteek Gazte Lokala deituriko proiektua aurkeztu zioten udaletxeari, aisialdirako espazio kultural, euskaldun eta parekidea sortzeko asmoarekin.
Proiektuan bete beharreko baldintzak agertzen dira; besteak beste, kontzertuak, hitzaldiak… eskaintzeko espazioa eskatzen da, tailer desberdinak zein kultura talde berriak eratzea ahalbidetuko duten gune minimo batzuekin batera. Azken hauen helburua sormena bultzatzea da.
Honekin guztiarekin batera, espazioaren banaketa garbia aurreikusten da, erabilera anizdun aretoarekin, bilera gela, liburutegi edota proiekzio gunearekin. Herriak duen eskaintza kulturala ordezkatu gabe aukera berriak aurkeztea da xedea, nork berea hartu dezan.
Amurrioko Gazte Asanbladaren urteetako lanaren ondorioa da hau. Lokala ezinbestekoa ikusi dute ekintzak aurrera eramateko. Gainera, herrian duten arazo nagusienetako bat aitortzen dute, non lokal indibidualak horren hedatuak egoteak oztopo handiak ezartzen dizkion herri ekimenetako bakoitzari.
Denak biltzeko asmoz,sormena lantzeko lokala izango da, beraz, autogestioaren bidetik, bakoitzak bere gaitasunaren arabera parte har dezan. Asanbladan parte hartzeko dei garbia.
El Correo-ri erantzuna.
El Correo egunkariak proiektuaren berri jaso du, nahiz eta Gazte Asanbladak gezurretan aritu izana leporatzen dion bere webgunean emandako erantzunen arabera.
Gaztetxe hitza erabiltzen du egunkariak, proiektuan behin ere aipatzen ez den bitartean. Gainera, aurkeztutako lana gaitzesteko asmoarekin, Amurrioko okupazio ekintzekin erlazionatzen dituzte honen atzean dauden gazteak.
Azkenik, Gazte Asanbladak azpimarratu egiten du, berriz ere, herriko gabeziei aurre egiteko proiektua dela eurena, gazteei zuzendua, horiek baitira espazio hauen abantailetaz gozatzeko aukera ez duten bakarrak.