Bihar, abenduaren 3an, euskararen nazioarteko eguna dela eta, ekintza desberdinak burutuko dira Euskal Herriko txoko desberdinetan. Gurean ere, Aiaraldean, jai giro eta aldarrikapenaz janzteko aukera izango dugu.
Laudion, irailean ospatzen den arren, biharko eguna ez da hutsera kondenatuko eta kirikiñoren eskutik sorgin zapatuez gozatu ahalko dute bost urtetik gorako gaztetxoek 17:30-19:30 bitartean, kultur etxean, non karaokea, askaria nahiz tailer eta jolasekin aurkituko diren.
Dena den, gaurko egunera aurreratuak izan dira ekintza gehienak eta udaleko Euskara Arloaren eta ikasleen eskutik ondorengoa dugu egitaraua:
- 10:30 / 12:30 (bi txanda): 560 gaztek parte hartzeko aukerarekin; DBHko eta Batxilergo ikasleentzat Amaia: debekatuta zaude! (Euskal izenen historia) hitzaldia. Mikel Gorrotxategi (Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeko Idazkaria). Udaleko Euskara Arloak antolatuta, ikastetxe horietako ikasleekin batera.
- 11:30. Laudio Udalaren adierazpen instituzionala. Udaletxean.
- 13:30. Herri kirolak. Ikastolan. Ikasleek antolatuta.
- 15:00. Ikasleentzako herri bazkari bat, bertsolariek alaituta. Ikasleek antolatuta.
- 17:00. Esku pilota partidak, Lamuza frontoian. Ikasleek antolatuta.
- 19:00. Triki-poteoa. Ikasleek antolatuta.
- 20:00. Rock jaialdia, Aldai plazan. Gorroto, Atxilotuak eta Herrikadak taldeak. Ikasleek eta udaleko Euskara Arloak antolatuta.
Amurrion, bestalde, egitarau oparoagoa antolatu dute, lau egunetan zehar luzatuko dena, azaroaren 30etik aurrera. Euskararen nazioarteko egunak eskainiko dituen aukera anitzak ezkerreko zutabean atxikitutako kartelean ikusgai daude. Besteak beste, tailerrak, antzezlana, pilota txapelketa, hitzaldia eta afari herrikoia ospatuko dira gaur. Biharko egitaraua samurragoa bada ere, etxeko txikienek haur parkeaz eta berbenaz gozatzeko aukera izango dute, helduagoek tailerrak, herri kirolak zein 3x3 txapelketa aukeran izango duten bitartean.
Azkenik, Orozkok ere bere egitarauarekin hornituko ditu kaleak, Euskara Batzordearen antolakuntzari esker. Batzorde hau orain dela hilabete eskas sortu zen, euskararen inguruko erabakiak eta eginbeharrak herritarroi zabaltzeko udalak egindako proposamenaren ondorioz. Kartel bidezko deialdiari erantzun zioten herritarrak kultur etxean biltzen hasi ziren, organo hau sortu eta bideratzeko asmoz. Lanean dihardute eta parte hartzeko aukerak zabalik dirau.
Musika izango dute ospakizunaren ardatz, triki-poteo eta kantaldiekin. Tartean, giroa berotzeko asmoz, euskaldunentzako bazkari herrikoia.
On egin beraz!