Egia aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Aitor M. I. 2017ko api. 26a, 16:52

Oraindik bada margoketak egin ditudan galdetzen didanik. Oso ahulak lirateke gezurraren bidez babestu beharreko printzipioak. Guk behintzat ez dugu inor engainatu beharrik; gauzak gertatu bezala kontatu ditugu. Beste gauza batzuk aditzera eman dira, baina tokia eta unea ez zen neurrian, aditze hutsean geratu dira. Eta orain argitu nahiko nituzke, nire buruari dagokionez, nire izenean eta ez beste inorenean.

Aiaraldea Gaur-ek egindako elkarrizketan, amaiera aldean, honelaxe diot: “hau leporatu digute uste dutelako gure ideia politikoak ezagutzen dituztela”. Usteak erdia ustel. Nirekin, behintzat, ez dute asmatzen, edo ez dute asmatu nahi; eta baliteke gakoa hor egotea. Kasu honetan jazarpen ideologiko eta politikoaren agerkari puru, ideal eta perfektuenarekin aurkitzen gara. Izan ere, jada ez dute nire esanik ezta eginik behar ni jazartzeko; nahikoa dute nire buruaren gaineko eraikuntza espekulatibo bat egitearekin. Alde batetik, ideiak erabiltzen dituzte pertsona konkretuak epaitzeko. Bestetik, pertsona konkretuak ideiak epaitzeko. Momentu biek unitate dialektiko berdina osatzen dute, batera ematen dira.

Hala, jazarpen politiko eta ideologikoa pertsona konkretuak pairatzen du, baina, era berean, norbanakotik haratago doa, mugimendu politiko bat epaitu nahi izateraino. Errepresioa ez baita inoiz gauza isolatua; justizia ez da Jaungoikoaren legeari men egitea. Tresna politikoak dira, botere sozial -klase sozial- baten botere politikoa. Eta unibertsala den heinean, klase dominazioa bezala, ezin da modu isolatuan eman, kasualitatearen mugak gainditzen ditu.

Inork esan lezake ekintza konkretuen ustezko egileak izateagatik epaitzen gaituztela. Egia, ordea, gordina izan ohi da. Nik ez nituen margoketak egin; ez dut ezta margoketa horietan jasotzen dena babesten. Ez dut haien atzetik dagoen ideologia zein ideia politikoekin bat egiten. Ez dut nire burua ezker abertzale ezta nazio askapen mugimendu gisa ezagututakoan kokatzen. Are, bere aukera historikoak agortu dituen mugimendu gisa ulertzen dut berau.

Horretaz gain, ezkerrarekin idazten dut, bai, argazkietan agertzen direnek eskumarekin idazten duten bitartean. Argazkietakoak gu ez garela argi eta garbi ikusten da. Poliziak margoketen egileek 1,70 metro neurtzen dutela dio; nik 1,80. Kolaborazioa eskaini ziguten, izenak ematearen truke epaiketa saihesteko. Bada, ustez gure ideiak direnak edo guri leporatzen dizkiguten ideiak dira gu epaitzeko oinarri bakarra, errepresio politikoaren oinarria dena, finean. Horri, ondoren, gezurrez betetako txosten poliziala gehitu diote, legea eta justiziaren irudikeriaren atzean ere jazarpen politiko eta ideologikoa ezkutatzen dela erakusten duena. Ederra lardaskeria.

Halakorik azaldu behar izan ohi diot margoketen inguruan galdezka datorrenari, horien egilea ni ote naizen galderaren atzean hori aurkitzen baita: galdetzen didanak ere nireak ez diren ideia batzuekin identifikatzea. Pisutsuena eta gogorrena ez da Entzutegi Nazionalera joatea, nirea ez den ideien motxila bat bizkarrean eramatea baizik. Zentzu horretan, zigorra aurretik heldu zaidala pentsatzen dut. Izan ere, oraindik ere, ez naizen hori ukatu beharraren lan neketsuaren aurrean aurkitzen naiz maiz.

Eta zin egiten dut nekatu egiten duela; nekatzen du babesten ez duzun horretatik babestu behar izateak; nekatzen du zu ez zaren zerbaitek zu definitzeak, zugandik kanpo dagoen izate abstraktu fantasmagoriko horrek zu determinatzeak, zure izaera ukatzeak, beste inork edo ezerk zure izenean hitz egiteak. Halakoetan ez zara zu, zu izaterik ez duzu, zure esku ez dagoen determinazio batek definitzen baitzaitu. Zure (ustezko) izatearekiko alienatuta aurkitzen zara.

Horregatik egia kontatzera etorri naiz; ez inor kriminalizatzeko ezta inoren ekintzak zentsuratzeko -bakoitzak egin beza nahi duena-, nire buruarekin bat egiteko baizik, kate hauetatik askatzeko, nire bizitzaren jabe egiteko, nor naizen argitzeko. Nik bakarrik esan baitezaket zer den pentsatzen dudana; ez beste inork.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide